Carlos Gorostiza
Carlos Gorostiza | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Palermo (Buenos Aires), 1920ko ekainaren 7a |
Herrialdea | Argentina |
Heriotza | Buenos Aires, 2016ko uztailaren 19a (96 urte) |
Familia | |
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | unibertsitateko irakaslea, idazlea, gidoilaria, film-zuzendaria, poeta, antzerkigilea eta politikaria |
Enplegatzailea(k) | Buenos Airesko Unibertsitatea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Carlos Gorostiza (Buenos Aires, Argentina, 1920ko ekainaren 7a - Buenos Aires, 2016ko uztailaren 19a) argentinar antzerkigilea izan zen. XX. mendearen erdialdeko Argentinako antzerki-joera berriaren sortzailea.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argentinako antzerki independentea deitu dena sortu zuen, eta bere garaiko antzerkigileen aitzindari izan zen, antzerkigintzaren giltzarri, Hego Ameriketako antzerkigintza aztertu dutenentzat. Poesia, antzerki-lanak eta txotxongiloa egiten hasi zen berak sortutako konpainiarekin (Los títeres de la estrella grande). Konpainia horrentzat idatzi zituen, besteak beste, La clave encantada (1943) eta Nuevos títeres (1949). Azkeneko urte horretan, arrakasta handia izan zuen antzerki independentearen munduan, El puente ("Zubia") obrarekin. Handik aurrera, Hispanoamerikako antzerkigile ospetsuenetako bat izan zen.
Gorostizaren antzerki-lanak, errealismoaren konbentzioetatik irten gabe, Buenos Airesko kaleko hizkerarekin, jendea, ohiturak eta gizarte-harremanetan sortzen diren arazo moralak aztertzen ditu, existentzialismotik gertu dagoen ikuspegi bati jarraituz.
Lan aipagarriak ditu, besteak beste: Marta Ferrari (1954, filma), El pan de la locura (1958, "Eromenaren ogia", antzezlana), Los prójimos (1967, "Hurkoak", antzezlana), El lugar (1970, "Lekua", antzezlana) eta Aeroplanos (1989, "Aireplanoak", antzezlana), El patio de atrás (1994, "Atzeko patioa", antzezlana) , Vuelan las palomas (1999, "Usoek hegan egiten dute", eleberria), La buena gente (2001, "Jende ona", eleberria), El merodeador enmascarado (2004, "Kuxkuxero mozorrotua", oroitzapenak).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.